gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2017ko ekainak 28, asteazkena
Juan San Martin
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JUAN SAN MARTIN
AURKEZPENA

Gizon irekia

Euskal kulturan, Juan San Martin (Eibar, 1922) ezaguna da gaztetan hasi eta gaur egun arte egin dituen jarduera ugariengatik. Ez da egon kultur jardunaldi, kultur aste edo arte aste askorik, San Martinek bere presentzia eta lankidetza aktiboaz parte hartu ez duenik. Bere bizitza euskal kulturari, sekula amore eman gabe, eskainitako bizitza izan da, bizitzaren eta historiaren ikusmolde ireki batetik eskainita ere. Behin eta berriz eskatu izan zaio hitzaldiak emateko Euskal Herriaren luze-zabalean, bai literaturari nahiz hizkuntzari buruz mintzatzeko, bai arte, etnografia edo herri kulturari buruz. Alor anitzeko, zorrotza eta eskuzabala izan den jardun atergabe horrek pertsona garrantzitsuen ezagutza eta adeitasuna ekarri zizkion, besteak beste Barandiaran, Caro Baroja, Mitxelena, Oteiza edo Luis Villasante adituenak, haien lankide eta kolaboratzailea izan da kultur egitasmo askotan. Bere herrikide Toribio Etxeberria gizon handiaren ezagutza eta adeitasuna ere izan zituen; Etxeberriak, San Martinen kultura eta giza nortasuna goraipatzeko, "Stonehengw´ko zabalian” olerkia eskaini zion, “Ibiltaritxanak” bere liburuan.

San Martinek argazkigintzan bezain sutsu jardun izan du histori ikerkuntzan, edota Euskaltzaindiko kidea izanik alor horretan zuen egitekoan; hainbat urtetan izan da “Egan” aldizkariaren arduradun (1983 – 1989), Euskaltzaindiko idazkaria (1967 – 1978), eta erakundeko lehendakariordea, azken urte honetan. Era berean, gogotsu ibili da alfabetatze kanpainetan -horien sustatzaileetako bat izan zen–, ikastolen sorkuntzaren bultzatzailea ere izan zelarik.

Aipatutako lan horiek guztiak egin ditu, bere ibilbidean egindako lan guztiak ez badira ere; alabaina, San Martin, euskal kulturari buruzko liburu askoren hitzaurre egilea izanda, poeta delako da ezaguna, joera liriko baten sortzailea izan delako, bere garaiko errealismoa gaindituta, eta intimitatea baztertu gabe, ukitu existentzialeko bertsoak sortu dituelako, eta horrek laguna zuen Arestiren txaloak, eta baita Mikel Zaraterenak eta Oteizarenak ere, besteak beste, ekarri zizkion. San Martin “Harri eta Herri” Arestiren liburu garrantzitsuenaren hitzaurrearen egilea izateaz gain, Arestik argitaratu behar zuen guztiari buruzko irizpena eskatzen zion gizona ere bazen. San Martin, halaber, poeta unibertsal anitzen sartzailea izan da, eta horien lanak euskarara itzuli eta hedatu izan ditu.

Aresti, Joxe Azurmendi eta Mikel Lasarekin batera, eibartar ospetsu hau hirurogeigarreneko hamarkadako urte haietan, Lauaxeta, Lizardi, Salbatore Mitxelena, Mirande edo Orixe egile adierazgarrienak zituen hurbileko literatur tradizioaren irakaspenak onartuta ere gainditurik, eta Otero eta Celayaren poesiari ere so eginez, modernotasun lirikoa euskaraz jarri zuten poeten ahotsen ordezkaria da.

1998. urtean, Euskal Herriko Unibertsitateak San Martinen "Giro Gori—Tiempo Ardiente" liburua argitaratu zuen, bere olerkari-ibilaldian egileak sortutako poesia guztiak (1954 – 1977) jasotzen dituena; garai hori oso ziklo sortzailea izan zuen, eta ondotik San Martin plazagizonago bat agertu zen. Olerkietan, era askotako adierazpen lirikoaren ñabardurak nabari daitezke, baita beste sentimendu eta jarrera batzuk ere –hala nola, umore sena–, hirurogeigarreneko urteetako konposizio batzuek, hizkuntzaren batasunari eskainitakoek batik bat, adierazten duten bezala. Gizon bakezalea izanik, hainbat herri eginkizunetan ere parte hartu du. 1978. urtean, Euskal Herriko Kontseilu Nagusiko Kultur zuzendari nagusi izendatu zuten, eta kargu hori izanda, euskal arte ondarerako aholkulari, ondarearen zaintzan eta defentsan aritu zen.

1989an, lehenengo Ararteko izendatua izan zen, eta kargu hori izanda, gizarte eta kultura lan handia burutu du, eta halaber, liburuak eta prospektuak argitaratu ditu; bestalde, egindako txostenetan, San Martinek agerian utzi ditu kulturaren unibertsaltasunari buruz duen ikusmoldea eta Euskal Herriari dion maitasun berezia. Hainbat kultur erakundetako kidea da San Martin, besteak beste, Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkarte, eta Aranzadi Elkartekoa, eta sortzailea izanik, Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) eta Euskal Itzultzaileen Elkarteko (EIZIE) ohorezko kidea da. Eusko-Bibliographiako kolaboratzailea eta zuzendaritzako kidea izan zen, Jon Bilbao zuzendaria zelarik. Ararteko zenean, Ombudsmango Institutu Europarreko lehendakari ere izendatua izan zen (1994 - 1995).

Lanbide ibilbideari dagokionez, hainbat industri espezialitatetan aritu zen bere jaioterria den Eibarren, eta beranduago, makineria inportatzen zuten hainbat enpresatan jardun zuen. Txikitatik izan zuen irakurtzeko zaletasuna bere prestakuntza autodidaktaren oinarria izan da.

Kirol alorrean, mendizale porrokatua izan da, modalitate guztietan. Eskalada eta Goi Mendiko Eskolako monitorea izan zen. Naranjo de Bulnes mendira hiru bide ezberdinetatik igo zen, eta bide berriak ireki zituen Pirinioetako hainbat gailurretan; Picos de Europa mendigune ia osoan ibili zen, Gredosen, Pirinio mendietan eta Alpeetan ere bai maiz. Larran dagoen San Martingo leizera egindako espeleologia espedizioetan parte hartu zuen. “Pyrenaica” eta “Munibe” argitalpenetan, jarduera horiei buruzko kontakizun ugari daude jasota, eta bere ibilbidea aintzat hartuta, Mendiko Federazioak kirol merezimenduaren zilarrezko domina eman zion.

Urte askotan, kultur zabalkundeko artikuluak eta saiakera kritikoak argitaratu zituen hainbat argitalpenetan, hala nola, Donostiako “Hoja del Lunes” egunkariak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen zuen asteko atalean. Bere ibilbidean, kezka handia erakutsi du arteen eta etnografiaren aurrean; izan ere, historiaurreko hainbat aztarnategi aurkitu ditu (bat, duela gutxi, Hondarribian), arte lanak identifikatu ditu, eta aldi berean herri kantak eta artisau lanak biltzeaz ere arduratu da.

Félix Maraña

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net